Ramsar EAEn


logo_ramsar

Ullibarri Ganboa urtegiko adarrak

ARRISKUAK



Iraganean ehiza izan zen, dudarik gabe, Ullibarri urtegian kalterako jarduerarik nabarmenena: 1.987. urtera arte ehiza baimendua zegoen, hezeguneko zein-nahi tokitan, are ur gainean eta urertzetan bertan ere. Hegazti faunari eragindako arazoak, uretako hegaztien populazioetan eragindako bajak eta berunak eragindako kutsadura dira, noski, hezegunearen bilakaeraren interpretazioan kontuan izan beharreko faktoreak. Egun, berriz, ehizan aritzea debekatua dago urtegi osoan eta arrantza, berriz, uretako hegazti faunarentzat interesgarrien gertatzen den alderdian galarazi da; izan ere, galarazpen zona horretan dago Ramsar-ek proposaturiko ia eremu osoa.


tractor Gaur egun, hezeguneak gainditu beharreko kontserbazio arazo larriena isurketa zehatz eta barreiatueen ondoriozko uraren kutsadura da, bai eta gizakiak eraginiko traba edo arazoak ere (kontrolatu gabeko olgeta jarduerak eta nekazaritza lanak, alegia). Euri uren eta isurtzeen bitartez karga gune nagusietatik (Zadorra ibaia eta Alegriaren kanala) ur masara egiten den mantenugai eta sustantzia kutsagarrien ekarpenak (nitrogeno konposatuak, materia organikoa, gernuak, plagizidak, hidrokarburoak, detergenteak eta abar) kinka larrian jartzen du hezeguneko uraren kalitate ekologikoa. Beste aldetik ere bada, istripua dela medio, isurketa kutsagarriak gertatzeko arrisku egiazkoa, batez ere errepideetatik arroko erreketara eta aintzirako uretara.

Balizko arrisku batzuek ere epe ertainera hezeguneko balioen kontserbazioan arazo larriak eragin ditzakete: uren eutrofizazioa eta, jalkinen metaketaren ondorioz, sakonera txikiko muturrak lohiz betetzea. Eutrofizazio prozesua (denboraren poderioz, berez garatzen den fenomenoa) honelako urtegietan azkartu egiten da, gizakiak eragindako kutsadurak lagunduta (hiri eta industria hondakinak eta zehaztugabeko kutsadura). Horrek, epe laburrera arazo larriak eragiten ez dituen arren, epe luzera ekar ditzake, bidezko neurriak hartu ezean. Urtegira ura dakarren arroan gertatzen den materialen arrasteak, erreka nagusiak (Zadorra ibaia eta Alegriaren kanala) amaitzen diren muturretara iristen diren sedimentuek alderdi hori lohiz betetzea ekar dezake luze gabe. Prozesu horrek, urtegiko ur biltzearen edukimenean alterazioa ez ezik, egun alde horretako balio ekologikorik gehienak biltzen dituen aintzira sistema zeharo eraldatzea ere eragin lezake.


cangrejoGizakiaren jarduerak eraginiko arazoei dagokienez, alde hori ustiatu eta urtegiko ur baliabideak erabiltzen dituzten nekazari eta abeltzainen inpaktua azpimarra dezakegu, presio kaltegarria eragiten baitute, mehatxaturik dagoen faunaren kontserbazioan bereziki, ugaltze garaian (uda partean), migrazioan (udazken eta udaberrian) zein negu pasan (negutean) diren hegaztiekin zuzeneko interferentzia eragiten dutelako. Hona hemen urtegiak nozituriko inpaktu kaltegarri batzuk: urtegiko uretan nekazaritza lanak sartzea, Jabari Hidrauliko Publikoaren landare estalkia luberritze lanen ondorioz eraldatzea eta ura legez kanpo hartzea garaztatzeko.

Arrantza ere, nahiz eta zona horretako alderdi zehaztu eta mugatu batean bakarrik egin daitekeen (Zadorra ibaiaren bokalean, alegia), arazo da, gainerako adarretan ere egiten delako legez kanpo: uda partean, hegaztiak ugaltzen diren garaian, jende ugari sartzen da urtegietan karramarro gorria (Procambarus clarkii) ezkutuan harrapatzera, eta horrek habiak bertan behera uztera eta arrautza zein txitaldi osoak galaraztea eragiten du askotan. Arrantzan aritu ahal izateko, beste aldetik, gizakiak legezko baimenik gabe espezie aloktonoak sartu ditu azken urteotan Arabako urtegietan. Karramarro gorriak, lutxoak (Esox lucius) eta antzeko espezieek izugarri eraldatu dituzte paraje hauetako ur inguruneari berez dagozkion animali komunitateak.

Amaitzeko, kontrako faktoreen artean azpimarra dezagun hezegunea sorrarazi zuen obra hidraulikoak berezkoa duen ondorio bat: urtegiko ur mailaren aldaketa, kontsumitzen den tokiko eskaeraren arabera. Urtean zehar ur mailak izaten dituen gorabehera latzak faktore kaltegarriak dira zingira eta aintziretako komunitateen finkatze prozesuan. Ur mailaren gorabehera horiek uretako landareetan (aurreikusterik ez dagoen uholdea nekez jasaten baitute) eta uretako ornogabeen komunitateetan (horrelako inguruneetan bizi diren arrain, anfibio, hegazti eta ornodunak) eragin kaltegarria izaten dute, ugaltze garaian batik bat, espezie horiek ezinbestekoak baitituzte sakonera txikiko ur hauek bizirik iraungo badute.






    Vuelve al inico de esta página
Azken eguneratzea: 2004/12/13